2 – Frontoia-Sutegi. Gerra Usurbilen
1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpe saiakerak bere helburua lortu ez zuenez, Estatu espainiarra ia hiru urte iraungo zuen gerran murgildu zen. Eskuindarrek eta karlistek kolpisten alde egin zuten eta ezkertiarrak eta abertzaleak, beren arteko liskarrak albo batera utzi, eta Errepublikaren defentsan lerrokatu ziren.
Herrietan faxistei aurre egiteko Defentsa komisaldegiak-miliziak sortu ziren. Usurbilen ere 46 boluntariok eman zuten izena, gehienak herritarrak baina baita inguruko herrietako bakan batzuk ere. Alderdi eta sindikatu ezberdinetakoak osatzen zuten Usurbilgo komisaldegia: EAJ, PC, Izquierda Republicana, EAE-ANV, UGT, SOV-ELA eta afiliaziorik gabeko zenbait.


Plaza honetan biltzen ziren Usurbilen defentsa nola antolatu zehazteko eta Bordatxo-Arratzain eta Andatza mendietako fronteak laguntzeko, logistikoki batez ere.

Frontoiaren eskuinean, Irazu kalean Mixerikordia deituriko eraikina zegoen (gaur egun Sutegi Kultur Etxea). Garai hartan Asilo etxea zen eta han artatu zituzten hainbat zauritu. Faxistek Txaldatxur aldetik Usasku baserri inguruan zegoen errepublikazaleen posiziora jaurtitako kanoikada baten eragindako zaurituak ere horra ekarri zituzten. Gutxienez haietako bi hor hil omen ziren.