1 – Kontzeju Txiki. Gerraren bezperatan 1936ko gerra hasi zenean, Usurbilek 2.100 biztanle inguru zituen. Ekonomikoki landa herria zen, eta industria lantegi gutxi batzuk zituen, nagusiena Michelin, 1934an sortu berria. Politikoki hiru mugimendu ziren nabarmenenak: gehiengoa zuten EAJko nazionalistak, ezkertiarrak eta monarkiko-karlistak.  Estatu espainiarrean hiru urte lehenago ezarritako II. Errepublikaren gobernua eskuinaren esku zegoen 1933ko […]

1 – Kontzeju Txiki. Gerraren bezperatan

1936ko gerra hasi zenean, Usurbilek 2.100 biztanle inguru zituen. Ekonomikoki landa herria zen, eta industria lantegi gutxi batzuk zituen, nagusiena Michelin, 1934an sortu berria.

Politikoki hiru mugimendu ziren nabarmenenak: gehiengoa zuten EAJko nazionalistak, ezkertiarrak eta monarkiko-karlistak. 

Estatu espainiarrean hiru urte lehenago ezarritako II. Errepublikaren gobernua eskuinaren esku zegoen 1933ko azaroko hauteskundeetatik. Asaldura eta zalaparta politiko handiko garaia zen. Giroa are eta gehiago gaiztotu zen 1934ko urriko iraultza saiakerarekin. Gatazka garrantzitsuenak Asturies eta Katalunian jazo baziren ere, Euskal Herrian -eta Usurbilen ere bai- bere isla izan zuten.

Hurrengo urteetan gauzak ez ziren baretu. Iskanbilak, batez ere hauteskunde garaian,  maiz gertatzen ziren hiru bloke nagusien artean: Fronte Popularra, EAJ eta CC (Coalición Contrarrevolucionaria/ Iraultzaren aurkako koalizioa =  falange + monarkikoak + erreketeak).

Hemen, Usurbilen EAJrena zen batzokiaren aurrean gaude eta eraikin honen inguruan ere zenbait gertakari jazo ziren, bai gerra bezperetan zein gerra garaian ere. Esaterako, indarrez sartu eta dirua lapurtu zieten 1936ko otsailean. Urte bereko irailaren 12an, kolpistak herria hartzeko zorian zirela, jeltzale bat tiroz zauritua suertatu zen.

Tropa kolpistak Usurbilera sartu ostean, abertzaleen topagunea zen egoitza hau  beretzat hartu zuten Comunión Tradizionalista-ko karlistek.